udalaren armarria / hasierako orrira joan

Elgorriaga
Udala

2019ko ekainaren 25a
Elgorriaga

Lekua eta jendea:

GEOGRAFIA

Nafarroako Elgorriaga udalerria Mendaur eta Askin mendien magalean dago, Ezkurra ibaiaren ezkerraldean. Malerrekako herri txikiena da.

Udalerriak 3,9 Km² inguru ditu. Udal mugapearen orografia leuna da eta ibar osko ordokirik zabalena dago bertan.

Herrigunea 137 metroko altueran dago eta 223 pertsona inguru bizi dira bertan.
Nafarroa iparraldeko herri tipikoa da, harrizko etxe handi eta ederrekin eta lorez beteriko balkoiekin.
Herriko karrikak harlauza gorriz eginak daude eta zurezko eta harrizko etxeak Nafarroa iparraldeko berezko arkitekturaren erakusgarri dira.

Bertako natura ikusgarriak, lasaitasunak eta biztanleen adeitasunak Elgorriaga toki ezin hobea egiten dute arnasa hartu eta erlaxatzeko eta euskal kultura eta ohituretara hurbiltzeko.

Elgorriagara hurbiltzeko N-121 eta NA-170 errepideak erabili behar dira. Herria ongi hornitua dago garraio publikoari dagokionez ( taxia eta autobusak Donezteben, kilometro batera goiti beheiti).

Honako hauek dira Elgorriagarekin muga egiten duten herriak: iparraldean Sunbilla, ekialdean Doneztebe, hegoaldean Doneztebe eta Ituren (gutxi bada ere) eta mendebaldean Ituren.

NATURA

Elgorriagako klima epela eta itsasaldekoa da, Kantauri itsasotik hurbil baitago. Bertako klimaren ezaugarri nabarmenena plubiometria handia da, eta euri hori urtean zehar modu erregularrean erortzen da.

Udalerria Atlantikotik heldu diren ekaitzen bidean dago, eta ekaitz horiek aktiboak dira ere udan; beraz, udan ez da idorterik izaten.

Urtean zehar 1.800 mm erortzen dira, 180 egunetan banatuak.

Tenperaturak leunak dira; urteko batez bestekoa 13-14 ºC-koa da.

FLORA ETA FAUNA

Bertako basoetan pagoak eta haritzak dira nagusi, baina ondokoak ere aurkitzen ahal dira: gaztainondoak, lizarrak, akaziak eta oihanberritzeko pinu-sailak. Aipatutako zuhaitzak, bertako larre eta irasailekin bat urtaro guztietan ikusgarria den irudia sortzen dut.

Ezkurra ugaldeko eta Elgorriagako erreken ibaiertzeko landaredi nagusia haltzadiak dira. Ibai-ertzaren aldaparen arabera, lerro bakarra osatzen dute topografia malkartsuetan edo, ibarra zabaltzen bada, hainbat metrotan hedatzen dira zabalean. Haltzaz gain, oilakarana, sahats-hauskara eta ahuntz-sahatsa, hosto zabaleko lizarra eta mendi zumarra egoten dira. Haltzadia hein batean edo erabat hondatua dagoen tokiak zuhaixkek hartzen dituzte. Honako hauek, besteak beste: intsusa beltza, hurritza, arkakaratsa, masusta eta, batzuetan, ezpela.

Ibaian eta inguruan bizi diren ugaztunak, ordea, honako hauek dira: ipurtatsa, lepahoria, lepazuria eta azkonarra. Inguruko basoetan ez dira falta katagorria, satitsu txikia, Millet satitsua eta lursagu gorria. Basurdeak eta orkatzak bertan ibiltzen direla ere ezagun da, haiek utzitako arrastoei esker.

Eta honako hauek dira bertako hegaztiak: martin arrantzale ikusgarria, buztanikara zuri eta horiak eta txikiagoak diren beste anitz, hala nola kaskabeltz txikia, txantxangorria, birigarro arrunta, uda-txirta, pitxartxar burubeltza, garrapoa, gerri-txori arrunta eta amilotx mottoduna. Harraparien artean, aztorea, zapelatz arrunta, urubia, eta mirotz zuria, azken hori landa eta belardien gainean hegan. Okilen artean, okil berdea, okil handia eta okil txikia daude.

HISTORIA

Elgorriaga batez ere bere bainuetxeagatik da ezaguna. Bainuetxe hori XX. mendearen hasieran eraiki zen, ur-sendagarriak gorenen ziren unean. Bainuetxeak 1955ean itxi zituen ateak. Espainiako Gobernuaren (Sustapen Ministerioa), Nafarroako Gobernuaren eta Elgorriagako Udalaren laguntzarekin zaharberritu ondoren berriro ireki zituen ateak 2009an. Kudeaketa Balneario de Elgorriaga, S.L. enpresaren esku dago.

ARTEA

San Pedro elizaren eraikinak ondoko ezaugarriak ditu: harrizko zutabez osatutako ataria, nabe bakarra eta kanoi-ganga. Bertan XII. mendearen lehen erdiko erretaula zentrala gordetzen da, eta XII. mendearen bigarren erdiko San Ferminen eta San Frantziskoren irudi bana.

Elgorriagako udal mugapean, eta Ezkurra ibaiaren gainean begi bakarreko erdi aroko zubi peraltatua ikusten ahal da.

Ezkurra ibaiaren bazterrean dagoen Errotaldea alderdian Bostorratz izeneko irin-errota dago, artoa ehotzeko erabiltzen zena. Ezkurra ibaitik hartzen zuen ura eta jarduera bertan behera utzi zenetik aldaketarik izan ez duen multzo teknologiko industriaurrekoa da. Eraikinaz gain, eta erantsitako elementu gisa ondokoak osatzen dute multzoa: presa txikia, sarrerako ubidea, putzua edo andela, errota eta isurbidea.

Daukan balio etnografikoa dela eta, Kultura eta Turismo Departamentuko Bianako Printzea Erakundeak Ondasun Inbentariagarria izendatzeko espedientea abiatu du.

FESTAK

Herriko festak uztailaren 25ean ospatzen dira, Santiago Apostoluaren egunean
Inauteriak urtarrilaren hirugarren asteburuan ospatzen da.

Bestaberri egunean belarraz eta lorez estaltzen dira prozesioak zeharkatuko dituen karrikak. Eguerdian udalak herri-otordua eskaintzen du eta bertako produktuak dastatzeko aukera izaten da.

Onddo eta zizen kofradia 1994an sortu zen, ezagutza mikologikoa eta naturarekiko errespetua sustatze aldera. Iraila eta urrian urteko bilkura antolatzen du kofradia gastronomiko desberdinen artean sukaldaritza lehiaketak, argazki rallyak, onddo eta zizen dastaketak etab. antolatuz.

Babeslea: Nafarroako Gobernua. Leiho berrian irekiko da Garatzailea: ANIMSA. Leiho berrian irekiko da
Legezko abisua   Postontzia   Erabilerraztasuna